martes, 12 de marzo de 2013

Célestin Freinet

   Célestin Freinet (Gars, Proventza-Alpeak-Cote d`Azur, Frantzia, 1896ko urriaren 15 - Vence, Proventza-Alpeak-Cote d`Azur, Frantzia, 1966ko urriaren 8) pedagogo berritzaile bat izan zen. Bere metodo eta teknika, Freinet pedagogia izenez bildurik, mundu zabaleko eskola askotan erabili dira, baita bere pedagogia sistemari jarraitzen ez dioten eskoletan ere. Bere pedagogiaren ezaugarri nagusiak demokrazia, eskolan gurasoen eta herriaren parte-hartzea, haurraren autonomia, bizipen eta esperientzien garrantzia ikaskuntza prozesua, antiintelektualismoa eta antiautoritarismoa. Bere tresna didaktikoen artean inprimategia da ospetsuena, non haurrek euren testuak idazten zituzten. Aldi berean, ezkerreko ekintzaile politiko eta sindikalista nabarmena izan zen.


Bizitza
  Célestin Freinet Frantziako Itsas Alpeak departamenduan jaio zen nekazari eta ehungile familia batean. Herriko denda bat bazuten, gainera, non denetariko gaiak saltzen ziren. Freinet laugarrena zen bere anai-arrebetan. Bere jaioterriko giro jator eta herrikoia izan zen, seguru asko, herria eta eskola uztartzeko beharraren ideia piztu zion bizipen bat. Bere amak ez zekien irakurtzen eta seguru asko horregatik semeari hezkuntza egoki bat emateaz arduratu zen. 12 urte bete eta lehen hezkuntzako maila bukatutakoan, Grasseko barnetegi batera joan zen eta 1912an Nizako irakasle eskolan izena eman eta irakasle izateko ikasketak hasi zituen. Ikasketak bukatu baino lehen, 1914 urtean, Munduko Lehen Gerra dela eta deitutako maisu baten ordezko lanetan aritu zen. 1915eko apirilean bera ere deitu zuten gerrara. 1916 urtean frontera heldu zen, azpitenente mailaz, eta bere ardurapean 40 soldadu zituen. Urte eta erdi geroago, 1917ko urrian, birikan balaz zauritu zuten Verdungo guduan, Chemin des dames izeneko tokian. Zauriaren eraginez, pleuresiaz gaixotu eta ospitalez ospitale denbora luzean ibili zen bere zauriak sendatzeko. Gerrako esperientziak direla eta, bakezale porrokatua bihurtu zen. Gerran bizi izandako autoritarismoak, bereizkeriak eta borrokek gogaiturik ibili zen. Gerrako bere egunerokoan azaldu zuenez: 

«
Neurrigabeko injustizia dela eta, gerraz nazkaturik nago. Maila guztietan ustelkeria dago: nori idatzirik duen guztiak nahi duen guztia lortzen du. Horren guztiaren ondorioz familia onekoak diren guztiek ihes egin dute, eta borroka egiteko, dirurik eta kontakturik gabeko ofizialak eta soldaduak bakarrik geratzen dira. Ia ez da Frantzia borroka egiten duena, azpikoak, txiroen Frantzia baizik. Horiek dira arriskuan daudenak.
 »
—1917ko uztailaren 10.


   Bizipen hauek direla eta, humanismo sakon bat garatu zuen, ondorengo bere pedagogia proiektuetan eragin handia izango zuena. 1920 urtean Bar-sur-Loup herriko maisu izendatu zuten, baina berehala jabetzen eskola ofizialaren akats eta hutsuneetaz. Bere pentsamendu ezkertiar iraultzaileak ere pedagogia-metodoak aldatzera darama. Abiapuntu gisa, gerrako zauriengatik luzez hitz egiteko ezintasuna dela eta, haurrari ematen dio hitza, haurra eskolako protagonista bihurtuz. Aldi berean, testuliburu zurrunak baztertu eta haurrek testu libreak osatuko zituzten. Herrian zehar ere ibiltzen dira, ikasketa aktiboagoa eta esperientzian oinarritutakoa osatu nahian. 1923ko udan pedagogo berritzaileen biltzar batean hartzen du parte, non Adolphe Ferrière ezagutzen duen. 1925 urtean Soviertar Batasunera bidaia egiten du, beste pedagogo zenbaitekin batera, hango eskolak bisitatzeko. Urte berean Èlise Lagier-Bruno, iraultzailea bera ere eta gerora bere pedagogiaren bultzatzaile izango zena, ezagutu eta 1926ko martxoan ezkontzen dira.

Iturria: Wikipedia

    Pedagogo ospetsu honen inguruko informazio gehiago eskuratu nahi baduzu, bisitatu Huelvako Unibertsitatearen web orria.

No hay comentarios:

Publicar un comentario